XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Partida egin duk, Martin!

Begiratu egin nion.

Egia esan, inoiz ez nuen makina haietan jolasten partidak egiteko.

Niretzat, errealitatetik ateratzeko ihespide ziren.

Txanpona sartu, lehenengo bola jaurti eta abentura berri bat hasten zen makinako argien artean.

Gero bigarrena eta horrela bukatu arte, kristalari begira egoteak hipnotizatu egiten ninduen, eta jolasten ari nintzela niretzat hura besterik ez zegoen munduan.

- Jolastu heuk - esan nion neure ondoan begira zegoen lagunari.

Inguruari begiratu bat bota nion.

Zarata handia zegoen Jolasetako Areto hartan.

Makina bat makina elektronikoez aparte, ping-pong mahaietako zarata ere ederra zen.

Futbolinetan, jokalarien oihuak gehitzen zitzaizkion berunezko jokalaritxo haien zalapartari.

Txoko batean, jolasetan intelektualena ematen zuena: bilarra.

Eskolako kartera hartuta areto hartatik atera nintzen.

Kanpoan, kutsaduraren presioak sargori handia eragiten zuen.

Arratsaldeko eskolak bukatutakoan etxetik pasatzeko esan ohi zidan amak, baina beti entretenitzen nintzen han edo hemen, jolasen batean.

Etxera abiatu nintzen, beraz, arratsalderoko bokadiloaren bila, geroago berriro ere kalera ateratzeko.